Azken hilabeteotan Gizakia Herritar fundazioaren lan erritmo PDF Inprimatu E-posta

Código Ético

 01/07/10

Adiskideok, Azken hilabeteotan Gizakia Herritar fundazioaren lan erritmoa erotzekoa izan da.

Joan zen apirilaren 26an, Berriozarko Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, Paris 365 ireki genuen Berriozarren, gure proiektuaren bigarren jantoki solidarioa. Urte batean bi jantokien artean 20.000 otordu eman ditugu, eta 10.000 gosari, Nafarroan bizi diren 500dik gora laguni.

2010eko ekainaren 1ean, 5 hilabetez 35 boluntario auzolanean arituta, Iruñeko alde zaharrean, Jarauta kaleko 83an, bulego berria ireki genuen etorkinentzako Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzurako. Urte batez, arlo honetan, 4.500 kontsulta atenditu dira dohainik.

2010eko ekainaren 1ean, bestetik, Paris 365 jantoki solidarioak bere egoitza berriaren ateak ireki zituen Iruñeko San Lorentzo kaleko 2an. Horretarako, bi hilabete pasatu dituzte lanean 20 boluntariok eta 30 erabiltzailek. Lokal honek duen azpiegiturari esker "Bizikasi" prestakuntza guneko bulegoa eta gela bat kokatu ditugu bertan.

Instituzioekiko lana, diru-laguntzak, hedabideak, bazkide berriak, laguntzaileak, babesleak eta ehunka donazio txiki eta handi, baita janari sobrak ere. Horiek denak, pixkana-pixkana, gure proiektuak eta jarduerak sendotzen lagundu dute. Herritarren artean eta gizartean ere gero eta errotuago gaude: 180 boluntario, 135 bazkide (urtean 20.000,00 € jartzen dutenak), 800 jarraitzaile Facebook sarrean, 250 sostengu Caja Navarraren "Zuk aukeratu, zuk erabaki" prozeduran (16.181 proiektua).

Abuztutik aurrera gauza eta jarduera berriak izanen ditugu Paris 365aren eta Etorkinentzako Aholkularitza Juridikoaren erabiltzaileentzat. Gizakia Herritar fundazioaren boluntarioen Batzar Nagusia ere prestatzen ari gara abuzturako. Orduan 2009ko memoria aurkeztuko dugu eta urteurreneko festa eginen dugu San Lorentzoko festekin batera.

Azkenik, oroitarazten dizuegu sanferminetan, iaz bezala, Iruñeko Paris 365 ostatuko instalazioak irekita egonen direla iruindar guztientzat urteko jardueretarako dirua lortzeko. Horretarako, 25 €-ko menu solidarioa izanen da, baita ostalaritzako eskaintza ederra ere prezio onean: hamaiketakoak, eguerdiko bermuta, gaueko kopak.

Jakin ezazue, bukatzeko, "Bizikasi" Prestakuntza Guneko lagunek (Eliana, Dori eta Ion), zenbait boluntario eta erabiltzaileren laguntzarekin, sanferminetarako zapi bat sortu dutela, 5 euroan, baita euro bateko basoak ere, behin eta berriz erabiltzekoak. Horiek denak ere fundazioarentzako diru iturri izanen dira. Bete dadila, beraz, gure leloa, Paris 365 jantoki solidarioen sostegun: "Festak bai, elkartasuna ere bai".

Eskerrik asko amets hau gauzatzen lagundu duzuen guztioi. Ongi pasa festetan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 1ean.
Sinatua. Marian Gorraiz Areopagita Gizakia Herritar fundazioa

Oharra: Oraindik garaiz zaudete 2010eko sanferminetan boluntario-lana egiteko. Barran, sukaldean eta jantokian har daitezke txandak. 130 lagun ditugu jada, baina oraindik ere beste 30 beharko genituzke.

 
< Aurrekoa   Hurrengoa >
Blog Paris 365

Paris 365: La verdad escondida

Harpidetu gure buletinean

Name:
Email:



Fundación GIZAKIA HERRITAR, C/ San Lorenzo 2, bajo, 31001 Iruña. Teléfono: 948 225 178. E-mail: paris365@paris365.org
:: Tema basado en RockTheme :: Administrador