|
I. Kapitulua. Xedapen orokorrak -
1. artikulua. Izena eta araubide juridikoa. GIZAKIA HERRITAR izeneko fundazioa boluntariotzako entitate gisa inskribaturik dago, Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Entitateak Iruñean du helbidea: Erantsus jaurerriaren kalea, 16, beheko solairua B, 31016-IRUÑA (Nafarroa). -
2. artikulua. Helburuak eta jarduerak. Boluntariotzako entitateak irabazteko asmorik gabe dihardu. Interes orokorreko jarduerak eta programak garatuko ditu, Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 5.1 artikuluan adierazten direnetakoak. Entitatearen helburuei eta horiek lortzeko egin beharreko jarduerei dagokienez, GIZAKIA HERRITAR fundazioaren estatutuetan ezarritakoari jarraituko zaio. Estatutu horiek dagokien erregistroan gorderik daude. Hauek izanen dira jarduera nagusiak: - Informazioa, laguntza, aholkuak, arreta eta era guztietako sostengua ematea etorkinei, edozein indarkeria mota jasan duten pertsonei, etxerik gabekoei, espetxeratuei, baldintzapeko askatasuna edo baldintzapeko kondena dutenei, espetxetik irten berriei eta, oro har, gizarteratu gabe edota familia eta gizarte babes eta loturarik gabe dauden pertsona guztiei.
- Ekonomia sozialeko eta I+G+Bko proiektuak sustatzea, betiere proiektu iraunkorrak ekonomiari nahiz ingurumenari begira.
- Natur baliabideak zentzuz erabiltzearen eta soberakinak birziklatzearen aldeko proiektuak sustatzea.
- Euskara eta euskal kultura defendatzeko proiektuak sustatzea.
- Aurreko lerroaldeetan aipatutako pertsonei prestakuntza, aholkuak eta laguntza ematea, Administrazioaren atal eta erakundeekin nahiz gizarte, ekonomia eta kultur entitateekin dituzten harreman eta kontaktuetarako.
- Goian aipatutako pertsonei sustapen pertsonala, azterketa soziala, zerbitzuak, harrera, babesa eta laguntza eskaintzeko azpiegiturak sortu eta kudeatzea.
-
3. artikulua. Jarduteko printzipioak eta betekizunak. - Boluntariotza entitateak interes orokorreko jarduerak eginen ditu. Bereizkeriarik ezaren printzipioa, elkartasunarena, pluralismoarena eta gizarte demokratikoetan bizikidetza gidatzen duten guztiak errespetatuz, jarduera horietan gizabanakoen edo taldeen bizi kalitatea hobetzen saiatuko da ondoko baldintzen arabera:
- Jarduera altruistak eta elkartasunezkoak izanen dira.
- Norberak askatasunez erabakita eginen dira, eta ez betebehar pertsonal edo juridikoen ondorioz.
- Eskuzabaltasunez eginen dira, dirurik edo bestelako kontraprestaziorik jaso gabe, baina legez ezar daitezkeen pizgarriak onartu ahalko dira eta boluntarioak bere jardueran sortzen zaizkion gastuen ordaina hartu ahalko du.
- Programa edo proiektu zehatzen bitartez garatuko dira.
- Borondatezko ekintzak ondoko printzipioak ditu oinarri:
- Askatasuna, aukera pertsonal baten adierazpenaren funtsezko printzipio gisa; bai boluntarioen askatasuna eta bai ekintzaren hartzaileena ere.
- Boluntariotzako entitate honen autonomia botere publikoekiko.
- Parte-hartzea, herritarrek modu zuzen eta aktiboan esku hartzeko printzipio demokratiko gisa. Horren ildotik elkarte sare baten garapena sustatu behar da, komunitatea egituratuko duena haren autonomiaren eta pluralismoaren onarpenetik abiatuta, bai eta sektoreko profesionalekiko lankidetza eta koordinazioa ere.
- Elkartasuna, alegia, beste pertsona eta talde batzuen beharrak kontuan hartzea eta ez erakunde honetako kideenak bakarrik.
- Gizarte konpromisoa, erantzunkidetasun printzipio gisa, zeinak ekintza egonkor eta zorrotza bideratzen baitu, jarduketen eraginkortasuna bilatuz gizarte intereseko helburuetarako ekarpen moduan, inolako mozkin ekonomikorik sekula ere bilatu gabe, ezta ezkutuko lanaren ordainketarik ere.
- Oro har, gizarte demokratiko, moderno, parte-hartzaile, zuzen, libre eta berdinzale batean bizikidetza gidatzen duten printzipio guztiak.
- Borondatezko ekintzak inoiz ere ezin izanen du ordeztu lanbidez gizarte ekintzan dihardutenen lan ordaindua.
II Kapitulua. Boluntarioak -
4. artikulua. Boluntario kontzeptua. Boluntarioa da elkarte honek bere estatutuetan jasorik dituen interes orokorreko jardueretako edozein egiten duen pertsona fisikoa, askatasunez hala erabakita egiten badu, kontraprestaziorik hartu gabe eta inolako eginbehar edo betebehar juridikorik tartean izan gabe. Boluntarioak entitateko bazkide edo kide ere izan daitezke. -
5. artikulua. Boluntarioak onartzeko baldintzak. Boluntario gisa onartu ahalko dira jarduteko behar adinako gaitasuna duten pertsona fisikoak, baldin eta, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat, GIZAKIA HERRITAR fundazioaren helburuen garapenean lan egin nahi badute kontraprestaziorik jaso gabe eta inolako eginbehar edo betebehar juridikorik tartean izan gabe. Idatzizko eskaera aurkeztu beharko zaio ordezkaritza organoari eta hark hurrengo bileran ebatziko du. -
6. artikulua. Boluntario izateari uztea. Boluntario izateari uztea ekar dezaketen arrazoiak: - Entitate honetako organo eskudunek boluntarioen jardueretarako ezarritako jarraibide edo gidalerroak ez betetzea.
- Estatutu hauen 8. artikuluan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
- Estatutu hauen 9. artikuluan adierazitako bateraezintasun kasuren batean egotea.
-
7. artikulua. Boluntarioen eskubideak. Boluntarioek eskubide hauek dituzte: - Bereizkeriarik gabeko tratua hartzea; askatasunaren, duintasunaren, intimitatearen eta sinesmenen errespetua.
- Jarduerak beren ingurune hurbilenean egitea, entitate honek gauzatu behar dituen programa edo proiektuek bide ematen duten neurrian.
- Egin beharreko jardueraren izaeraren eta ezaugarrien arabera, lan arloko legerian ezarritako osasun eta segurtasun baldintza jakin batzuk izatea, horiek beharrezkoak direnean, borondatezko zerbitzuaren garrantziagatik edo larritasunagatik.
- Boluntario izateari utzi ahal izatea, aldez aurretik jakinarazirik.
- Oro har, Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean eta gainerako antolamendu juridikoan ezarritakoaren ondorioz dagozkien eskubide guztiak.
- Jarduerak egiteko behar dituzten prestakuntza, orientazioa eta laguntza jasotzea.
Entitate honen aldetik, boluntarioek eskubide hauek izanen dituzte: - Aktiboki parte hartzea, bakoitzak zein programatan laguntzen duen, hura planifikatzen, diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen lagunduz.
- Borondatezko ekintzaren baldintzak, jarduketa eremua, borondatezko jarduerari eman ahal dioten denbora eta ordutegia adostea, askatasunez, eta entitatearen beharren arabera.
- Aseguru poliza izatea, agintzen zaizkien jardueretan boluntarioek izan ditzaketen ezbeharrak eta hirugarrenei eragiten ahal dizkietenak estaliko dituena.
- Jardueraren ezaugarriak aldatzea, entitatearen inguruabarrek ahalbidetzen baldin badute, eta borondatezko jardueraren bereizgarri direnak aldatu gabe.
- Boluntariotzako jardueraren egiaztagiria jasotzea eta Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean ezarritako onurak izatea.
- Lege horretan eta gainerako antolamendu juridikoan ezarritakoaren ondorioz dagozkien beste guztiak.
-
8. artikulua. Boluntarioen betebeharrak. Oro har, boluntarioek betebehar hauek dituzte: - Estatutu hauetan eta Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean ezarritako printzipioen arabera jardutea.
- Ezartzen diren osasun eta segurtasun neurriak betetzea.
- Jarduera egiten ari direnean ematen zaizkien edo jakiten dituzten informazioak isilpean gordetzea.
- Jardueraren hartzaile diren pertsona eta taldeen eskubideak errespetatzea.
- Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean eta boluntariotza aipagai duen gainerako antolamendu juridikoan ezarritakoaren ondorioz dagozkien beste guztiak.
Bereziki, boluntarioek betebehar hauek dituzte entitate honekin: - Entitatearekiko konpromisoak ardura osoz betetzea, haren helburuak eta jarduteko printzipioak eta, halaber, estatutu hauen edukia errespetatuz.
- Entitate honetako organo eskudunek emandako jarraibideak bete eta ezarritako helburuak onartzea, eta entitateari errespetu osoa izatea.
- Borondatezko jardueraren truke inolako kontraprestaziorik ez onartzea.
- Elkarteak boluntariotzako jardueretarako haien esku jartzen dituen material edo ekipamenduak zaintzea eta behar bezala erabiltzea.
- Entitateak aurreikusitako prestakuntzako jardueretan eta zerbitzuen kalitateari eusteko beharrezkoak diren guztietan parte hartzea.
- Entitatearen ezaugarria behar bezala erabiltzea.
- Uko egiteko asmoa izanez gero, entitateari nahikoa denbora lehenago jakinaraztea, eskuarteko lana ez zapuzteko neurriak hartu ahal izan daitezen.
- Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean eta gainerako antolamendu juridikoan ezarritakoaren ondorioz dagozkien beste guztiak.
-
9. artikulua. Bateraezintasunak Ordaindutako langileentzako lanpostuetan inoiz ere ezin izanen da boluntariotzako jarduerarik egin. GIZAKIA HERRITAR fundazioan profesional gisa dihardutenek eta fundazioarekin lan harremana, merkataritzakoa edo diruzko ordainari lotutako bestelako harremana dutenek ezin izanen dute entitatearentzat boluntariotzan jardun entitatearekin duten lan harremanaren edo entitateak ordaintzen dien zerbitzuaren xedearekin zerikusia duten lanetan. -
10. artikulua. Borondatezko lankidetzarako konpromisoa. - Entitate honen programetan idatziz gauzatuko da boluntarioen sarrera, lankidetzarako konpromisoaren bidez, hain zuzen ere. Konpromisoan ondokoak jasoko dira gutxienez:
- Bi aldeen eskubideak eta betebeharrak. Horri buruz Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean eta estatutu hauetan ezarritakoa beteko da.
- Boluntarioak bere gain hartuko dituen eginkizun eta jardueren zehaztasunak.
- Aldez aurreko prestakuntza prozesua, boluntarioak jarduerarako prestakuntza behar badu.
- Boluntarioak programatik irten nahi badu, 15 egun lehenago idatziz jakinarazi beharko dio boluntariotzako entitateari.
III Kapitulua. Boluntariotzako entitatea -
11. artikulua. Boluntariotzako entitatearen betebeharrak. Entitate honek ondoko betebeharrak izanen ditu: - Behar diren mekanismoak antolatzea boluntarioaren informazioa, parte-hartzea eta lankidetza bermatzeko, bai entitatearen baitan bai horrek garatzen dituen programetan.
- Boluntarioari bere eginkizunetarako laguntza eta baliabide egokiak ematea.
- Boluntarioari programak modu egokian garatzeko behar duen prestakuntza ematea.
- Boluntarioen alten eta bajen erregistroa eramatea.
- Aseguru poliza egitea, boluntarioari bermatzeko bere jardueraren ondorioz berak edo hirugarrenek izan ditzaketen kalte eta galerak estalita izanen dituela.
- Osasun eta segurtasun baldintza egokiak bermatzea.
- Entitatean egindako zerbitzuak egiaztatzeko balioko duen boluntario-agiria ematea.
- Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean ezarritakoaren arabera dagozkion beste guztiak.
-
12. artikulua. Boluntariotzako entitatearen eskubideak. Hauek dira entitate honen eskubideak: - Boluntarioak aukeratzea, egin beharreko lanak eta estatutu hauetan ezarritako baldintzak kontuan hartuz.
- Nafarroako Gobernuko Administrazioari boluntariotzarako beharrezkoak diren informazioa, orientazioa, prestakuntza eta laguntza eskatzea, baita lortzea ere.
- Borondatezko jarduerarako laguntza eta sustapen neurrietara biltzea.
- Lankidetzarako konpromisoa urratzen duten pertsonei borondatezko lankidetza etetea.
- Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean eta gainerako antolamendu juridikoan ezarritakoaren ondorioz dagozkion beste guztiak.
-
13. artikulua. Boluntariotzako entitate izateari uztea. Boluntariotzako entitate izateari uzteko arrazoiak: - Entitateak berariaz hala eskatzea.
- GIZAKIA HERRITAR fundazioaren nortasun juridikoa iraungitzea.
-
14. artikulua. Entitatearen eta bere boluntarioen arteko gatazken ebazpena. Boluntariotzako entitatearen eta bere boluntarioen artean sortzen diren gatazkak jurisdikzio eskudunean ebatziko dira, prozesuko arauei jarraituz. -
15. artikulua. Boluntariotzako entitatearen erantzukizuna hirugarrenen aurrean. Entitateak hirugarrenen aurrean solidarioki erantzunen du bere boluntarioek boluntariotzako jardueretan eragindako kalte eta galerez.
|